ARGIOILAR GARDEN EZINIKUSIA


Argioilarrak zapi zahar baten itxura hartuta hilarena eginez ikusia ez izateko darabilen teknikaz jardun dugu kuriositateen sailean. Kamuflaje teknika honengatik apika lotu izan da txori hau transparentzia eta inbisibilitarekin, transformazioarenaren osagarri edo ordezkagarri.

Hegaztien migrazioaren fenomenoa ezezaguna zelarik, ez zen ulertzen nola uda joandakoan desager zitezkeen txoriak, argioilarra barne. Inorantzia horrek hegaztien transforma­zioaren sineskera zabaldu zuen. Oraindik aurkitu daiteke argioilarra kuku bihurtzen dela uste duenik, antzina belatz bihurtzen zela uste zen bezala.

Frantziaren iparraldean, Pikardian, argioilarrak habian jartzen omen zuen kolore distiratsuko harri bat eskuratuz gero, ikusezina egiten zuen harria aldean zeramana. Thiers-ek (Des Superstitions, 1733, 79) Toulouseko Kontseilu Probintzialak 1590an kondenatu zuen debeku sorta baten berri ematen digu, besteak beste honena: Porter une perruque fait des cheveux d'un pendu, & trempée dans le sang d’une Pupu, afin de se rendre invinsible”. Hau da: debekatu egiten zen “ikusezin bihurtzeko urkatu baten ileez egindako eta argioilarraren odolez igurtzitako peluka eramatea”. Gerora, E. Rolland-ek eta P. Sebillotek ere eman zuten sineskera bitxi honen berri, beti ere Thiers-i hartuta. J. G. Kunstmann-ek (The Hoopoe. A Study in European Folklore, 1938) ere jasotzen du datua eta argioilarraren odolaren gaineko beste sineskera gehiagoren berri ematen du.


Inbisibilitatea ematen duten harri miragarri gehiago ere badago. Ingalaterran Swaisonek eskilasoarena aipatzen du eta Sebillotek Luxenburgorako traquet (Oenanthe oenanthe) eta Korsikarako tarina (Carduelis spinus). Gabriel azti edo humorista italiarrak argioillarraren arrautza janez lortzen bide du ikuezin bihurtzea. Ziria sartu nahi digula esango nuke nik, argioilarrarena ez, baina oiloarena baita arrautza.



Urkatuarenak beste superstizio bat, hau arabiarra (Al-Durayhim, Mila formulen kodizea), dakarkigu gogora. Bestela senar ezinikusi batek baino ezin egin lezakeena ahalbideratzen duen aztinkeria: lo datzan emakume bati argioilar baten bihotza eskegiak haren sekretu ezkutuenak aitorraraziko dizkio.


Habib Allah-ek pintaturiko Mantiq at-Tair-eko eszena bat,
argioilarra erdian eta eskuinean beste txoriei mintzo zaiela.

Beste plano batean aipa daiteke, Farid ud-Din Attar-en XII. mendeko Mantiq at-Tair [Txorien konferentzia] izeneko poema sufian, argioilarra dela beste txori guztien gidaria, mundu ikusezinaren mandataria, Aristofanesen hamasei mende lehenagoko Ornites [Txoriak] izeneko komedian zuen errol bertsua.